XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

f) Kooperatibek duten enpresarako eskola izaera.

g) Kooperatibek duten eta zergen antzekoak diren berezko kargak.

h) Kooperatibek duten ekonomi eta gizarte-arloko betekizuna garatzeko orduan erakutsi duten eraginkortasuna bera, lankidetzaren garapenean bertan ikusi izan dena.

Sustraituriko pertsona-elkarteak dira kooperatibak. Kooperatibek ez dute kapital-sozietateek duten mugikortasuna. Ingurune zehatz batean sortu, hazi eta garatu egiten dira eta bertatik ateratzen dituzte kooperatibek beren pertsona- eta gizarte-ezaugarriak. Beren ekonomi garapenaren etekinak (bai eta dagozkien zergak ere) eta beren gizarte-garapenaren ondoriozko eraginak ingurune horretara ekartzen dituzte.

Nabaria da gaurko euskal gizarte- eta ekonomi egituran kooperatibek duten berebiziko betekizuna. Gauza bera gertatzen da, langabezia zuzentzeko gainontzeko elkarte-egiturek egiten ez dituzten ahaleginen bidez eta gure industri eta gizarte-egitura sendotzeko burutzen duten ekintzarekin. 52. Kooperatibak, sustraituriko elkarteak izatearen ondorio zuzenaz, industri beherakadan dauden lurraldeentzako berebiziko tresnatzat hartu ditu Europako Batasunak. Erabaki hori hartzeko, kontutan hartu du horrelako lurraldeetatik ihes egiteko joera eta erraztasun nabariak dituztela kapital-sozietateek.

Laburbilduz, sustraituriko elkarteak izateak ondorio bi hauek ditu, batez ere: a) Herri honen gizarte eta ekonomia sendotzeko tresna modura kooperatibek duten garrantzia; b) Zerga-bilketaren aldetik kooperatibek duten garrantzia, beren bazkideek kooperatibaren zerga-helbidetik hurbil dagoen lurraldean ordaintzen baitituzte zergak.

Bestaldetik, garrantzitsua da kontutan hartzea, kooperatibek duten zerga-babesa ez dela kooperatibak langileek osaturiko elkarte txikiak izatearen ondorioa. Alderantziz, babes horren arrazoiek oraingo Euskal Herrian ere iraun badiraute, nahiz eta kooperatibak nazioarte-mailan ere garatu eta lehen mailako enpresa bihurtu.

Enpresa-errealitatea, ekonomia eta, oro har, gure ingurunea aztertzearen ondorio zuzena da iritzi hau, ene ustez, Kooperatibek dituzten zerga-onuren helburua ez datza pobrezia babestean, gizarte-ekintza sustatzean baizik. Kooperatibek lortzen duten enpresa-garapena ez doa beren gizarte-ekintzaren aurka. Alderantziz, sustatu eta sendotu egiten du ekintza hori.